XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

INGURUNEAREN PROBETXAMENDU KURRIKULARRA

Izaskun Madariaga

Iturburu Udal Haur-Eskola

Oiartzun

Hiru urtetik beherako umeak hezkuntza integrala izateko ingurunearen probetxamenduan oinarritutako esperientzia bat (kalea, auzoa...)

ITURBURU, Oiartzungo Udal Haur-eskola da.

Karrika auzoan dago kokaturik, nekazal auzo batean alegia, eta populazioa, funtsean, baserrietan banaturik dago.

Eraikina, bere garaian eskola unitarioa izandako eta kontzentrazio politikarengatik itxitako etxe zahar bat da.

Haur eskola izateko moldatua dagoen bi solairu eta ganbaradun eraikin hau, auzorako sarbidearen ertzean dago eta ez du berea den kanpokaldeko espaziorik.

Kanpokaldeko espaziorik ez izateak poliki poliki falta hori konpentsatzeko modua auzoan bilatu eta aurkitzera eraman gintuen.

Hasiera batean izandako zailtasunik handienak ume txikienek sortzen zituzten, ibiltzen ez zekitenek edo gutxi ibiltzen zirenek alegia, eta, irtenbide gisa, hipermerkatuetako gurditxoetan elkarrekin garraiatzeko posibilitatea bururatu zitzaigun.

Izugarrizko aurkikuntza izan zen; izan ere, haur txikienei nahi beste baliabide eskaintzeko aukera ematen bait zigun, besteak beste: jolaslekuak aldatu; belarretan, harri artean edo hareetan jolastera eraman; aldapan, lauan, belarretan. . . katuka ibili.

Era berean, beranduxeago, baliabide guzti hauek baliagarri gertatu zitzaizkigun ibiltzeko trebetasuna eta gorputzaren oreka finkatzeko etabar.

Guzti honetaz gain, normala denez, ingurunearen ezagutza ematen zieten esperientzia ezberdinak izaten zituzten, eguneroko bizipenek ematen duten erako ezagutza sendo eta esanguratsua jasotzen zutelarik.

Gurdiak gertuko baserrietara joatea ahalbidetzen zigun, eta, beraz, animalia ezberdinak ezagutzeko aukera ere bai: txakurrak, untxiak, oiloak, behiak, ardiak, katuak,...; halaber, inguruko jendearekin ohitu egiten ziren.

Hazi egiten ziren heinean, ikusten genuen, gauzekiko interes handiagoa izan eta ezagututako gauza bakoitzetik zer, zertarako eta zenbat nahi zuten erabakitzeko beren autonomia berria erabiltzeaz gain, nekearentzako erresistentzia eta taldean ibiltzeko eta seguritateari buruzko oinarrizko arauak ulertzeko gaitasuna etabar, sendotu egin zitzaizkiela.

Heldutasun honek, aldi berean, ingurunearen erabileran aukera berriak eskaintzen zizkigun, hala nola, motriz-trebetasunerako, zentzumenen garapenerako... erreka moduko bitartekoez baliatzea.

Halaber, espazioan zabaltzeari buruzko helburu handiguragoak markatzea ahalbidetzen zigun, esaterako, gauza berrien bila auzoko beste lekune urrunagoetara heltzea.